Zer da Alkarbide?
Alkarbide Bizkaiko Lurralde Historikoko udal eta mankomunidadeetako euskera zerbitzuen bilgunea da. Bizkaiko Foru Aldundiak sortu dau Alkarbide, Eusko Jaurlaritzagaz eta EUDELgaz lankidetzan.
Alkarbideren xede nagusia, barriz, euskeraren aldeko toki politikak bateratu eta bideratzea da, halan euskera susteteko irispideak finkatzeko, nola udal eta mankomunidadeen iritsiak eta iradokizunak jaso eta ahalbideratzeko.
Alkarbideren Egitura
Alkarbideren egitura honakoa da:
- Batzorde Artezkaria, maila politikoan. Organu horri Alkarbideren zuzendaritza eta ordezkaritza jagokoz.
- Batzorde Eragilea, antolakuntza mailan. Organu hori, funtsean, bilgunearen barne koordinazinoaz arduratzen da. Bestalde, era guztietako zerbitzuak eskiniko deutsez toki erakundeetako euskera zerbitzuei, eta bertako teknikariak trebatu eta presteteko bideak jorratuko ditu.
- Lan-mahaiak, udal eta mankomunidadeetako euskera teknikariek osaturikoak, maila teknikoan. Lan-mahaiak arloka antolatu dira, Euskera Biziberritzeko Plan Nagusiaren A, B, C eta D ereduen arabera. Eginkizun teknikoa beteten dabenez, alde batetik, urtenbide eta neurriak proposituko dabez, eta bestetik, hausnarketa eta azterbideak bultzatuko.
Alkarbideren Eginkizunak
Alkarbideren berariazko eginkizunak honako honeek dira:
- Bizkaiko Lurralde Historikoko politikak koordinetea, euskera sutu eta biziberritzeko politika egokia eta eragingarria gauzatze aldera.
- Hizkuntza arloko aholkularitza eta laguntza emotea. Horrezaz gain, era guztietako prestakuntza eskini, trebakuntza ikastaroak antolatu eta terminologia lantzea.
- Bizkaiko Lurralde Historiko osorako proiektuak prestutu eta garatzeko zerbitzuak eskaintzea, bai egun era egokian jarduten daben udal eta mankomunidadeetako euskera zerbitzuentzat, bai ataza horretan oraintsu hasi barri diranentzat. Era berean, euskera sutzeko irispideak jakinarazo, laguntza eta aholkularitza eskini, eta babesa emotea.
